XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Halere, adibide honek erakusten digu noraino sartua den marxismoa giza zientzien esparruan. Beraz, Euskadira ere heldu behar zuen haren eraginak.

Beti bezala, berandu, errepika lezake bat edo batek...

Baina, guretzat, marxismoa ez zen soilki entelegatzearen giltzarri hotza: haren baitan, iraultza egiteko estrategia bilatu eta aurkitu nahi genuen.

Gogora dezadan, marxismo-leninismoaren kontzeptu ofizialetan, ezagutza objektiboaren egiazko teoria eta praktika iraultzaile jakintsu propioa dela batean marxismoa.

Gure aldetik, etorkizun iraultzailea eta komunismoa nahitaezko beharkizun bezala aurkezten zituen mistika baten gisa ikusten ahal zen; oso konfortablea da horrelako doktrina bat, konfortablea, bereziki, zokoratuak, pertsegitu eta gotorki zigortuak aurkitzen diren militanteentzat.

Historiaren zentzua gurekin zebilen, eta, minoria klandestino zapalduaren egoera latzean, etorkizunaren hazia zen ernetzen ari.

Halaber, leninismo maoismoa eta castrismoa ikertzen genituen, proletalgoa, alderdia, minoria zuzentzailea, gerrila eta beste kontzeptu asko elkarrekin lotzeko, Euskadirako egokia zatekeen borroka-bidearen txerka; eta geundeneko egoeratik abiatuz, egokiak nahi genituen estrategia eta taktika, edozein irakurketa, kontaktu edo eztabaida onartuz, argia ager zekigun.

Puntu honetara helduta, aitortu beharra dizuet, egoera intelektual eroso eta betekor batetan instalatzera iritsi nintzela orain hamahiru edo hamalau urte Euskadiren historia eta egoera lerro nagusietan ulertuta (hala uste genuen, bederen), historiaren mugimenduan sartuta, koiunturaltzat jotzen genituen estrategia egokia aplikatzeko oztopoak, gure ahuleziak sortutzat, baina kemenaren kemenaz gaindigarritzat, bata bestearen atzean irabaztekotzat, militantzia emanaren bidez, iraultza bururatu arte.

Marxismoarekiko desliluramendua

Desliluramenduaren garaia heldu zitzaidan gero.

Nondik has? Zergatik hori?.

Ez naiz oraindik bilakabide osoa ongi konprenitzeko gauza .